Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Daniel Solana Basquetourreko zuzendariarekin batera, Mexiko Hirira joango da maiatzaren 14 eta 15ean. Bertan, Mexiko Hiriko Turismo Idazkaritzarekin lankidetza-hitzarmena sinatuko du eta Euskadi helmuga turistiko gisa sustatzeko ekintzak egingo ditu.
Nazioarteko turismoa erakartzea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren turismo-estrategiaren helburu nagusietako bat. Historian lehen aldiz, Euskadik bi urte jarraian lortu du 5 hilabetez jarraian nazioarteko bisitari gehiago izatea bisitari nazionalak baino, nazioarteko sustapenean egindako ahaleginari eta eragileekin batera abiarazitako lankidetza-estrategiei esker. Izan ere, nazioarteko turismoa % 7 hazteagatik handitu zen turismoa 2024an; turismo nazionala, berriz, egonkor mantendu zen.
Bereziki, urruneko turista funtsezkoa da turismo-estrategiarako, egonaldia luzatzen, desestazionalizatzen (merkatuen arabera, gehiago bidaiatzen dute udatik kanpo) eta lurralde osoan zehar fluxuak mugitzen laguntzen duelako. Datuek adierazten dutenez, ibilbide turistikoak egiteko joera handiagoa dute nazioarteko turistek turista nazionalek baino (% 65), eta gehiago gastatzen dute, bai erosketetan, bai jardueretan.
Hori dela eta, eta estrategia horren baitan, Alejandra Frausto Mexiko Hiriko Turismo Idazkariarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du sailburuak, “Turismo-arloko akordio-memoranduma” izenpean, turismoa sustatzeko eta esperientziak trukatzeko ekintzak koordinatzeko.
Gainera, sailburuak eta Basquetourreko zuzendariak bilerak egingo dituzte, lehendabizi Mexikoko prentsa espezializatuarekin eta agentziekin, eta bigarrenik, turismo-eragile eta bidaia-antolatzaileekin, Euskadi sustatzeko eta turismo-eragileekin harremanak egiteko.
Mexikoko merkatua
Mexikoko merkatua garrantzi handiko merkatua da, hazteko ahalmen handia baitu. 2024 urtean Mexikoko merkatuko daturik onenak jaso ditugu. Hain zuzen ere, 30.247 sarrera jaso ditugu guztira, hau da, 2023an baino % 12 gehiago, eta igarotako gauak ere %16 igo dira.
Urtarokotasunari dagokionez, merkatu hori udaberrian eta udazkenean kontzentratzen da bereziki. Bestalde, bisitari horien asebetetze-maila altua da. Bidaia honen eta merkatu horretako ekintzen helburuetako bat da Euskadi markaren (País Vasco marka) ospea handitzea, hedatzeko gaitasun handia baitu. Euskadi marka bereziki nabarmentzen da turismo gastronomiko, urbano eta kulturalarekin lotzen delako.
Turismo mota horiek nazioarteko bidaiak egiten dituzten Mexikoko turistek gehien praktikatzen dituzten lau moten artean daude; beraz, gure helmuga ondo kokatuta dago hori indartuta turista horiek erakartzeko. Hori dela eta, garrantzitsua da lankidetza-mekanismoak ezartzea.
Memoranduma sinatu eta Euskadi sustatzeaz gain, azken hiru urteetan, hainbat sustapen- eta merkaturatze-jardunaldi egin ditu Euskadik Turespañarekin lankidetzan: eragile mexikarrentzat familiarizazio-bidaiak antolatu ditu; enpresa mexikarrekin merkaturatze-jardunaldiak egin ditu, eta 2024an, “Basque Ambassadors” izendapena eman diete Mexikoko 8 profesional gastronomikori.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)