- Gogorarazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1,5 milioi euroko partida erreserbatzeko konpromisoa hartu duela Ekonomia soziala laguntzeko, 4.000 enpresa baititu euskal produkzio sareak eta 94.000 pertsona enplegatzen baititu
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak inauguratu du ostiral honetan ASLEren Batzar Nagusia, Arabako Parke Teknologikoan. Bertan, Euskadiko ekonomia soziala indartzearen alde egin du, «ziurgabetasun soziopolitiko eta sozioekonomikoa» nagusi den une honetan. Horregatik, iragarri du «adi egongo garela», ekonomia sozialarekin batera, «aparteko laguntzen pakete bat diseinatzeko, Estatu Batuek ezarritako muga zergen tasen ondorioz zuzeneko galera ekonomikoak izan ditzaketen lan sozietateentzat eta kooperatibentzat».
Ekonomia sozialaren eta, bereziki, lan sozietateen funtsezko zeregina nabarmendu du Torresek, eta gogorarazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enpresa eredu horrekin duen konpromisoa, 1,5 milioi euroko partida erreserbatuta baitu, egoera horrek eragin diezaiekeen lan sozietateei eta kooperatibei laguntzeko. «Sektore oso garrantzitsua da gure euskal produkzio sarean, ia 4.000 enpresa eta 94.000 langile baititu. Ekonomia eta enpresa ulertzeko beste modu bat da. Ekoizteko, ekiteko, kudeatzeko eta kontsumitzeko beste modu bat», azaldu du.
Ziurgabetasun soziopolitiko eta sozioekonomikoaren nazioarteko testuinguruan, lehia basatian oinarritutako politikekin, pertsonen arteko lankidetza eta lotura aldarrikatu ditu Lehendakariordeak, ekonomia sozialaren eta lan sozietateen berezko balioak baitira. «Pertsona lehenesten duen eta enpresaren erdigunean jartzen duen enpresa eredua da, lurraldean errotuta dago eta ez da deslokalizatzen, kalitatezko enplegu inklusiboa sortzen du, krisi testuinguruetan erresilientzia duela erakutsi du, eta gizarte, soldata, genero eta jatorri desberdintasunak murrizten ditu, kohesio eta justizia soziala sortuz. Horregatik, ekonomia soziala gehiago eta hobea behar dugu», gaineratu du.
Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak ekonomia soziala bultzatzeko duen ibilbide orria 2. PEIES (Sailarteko Plan Estrategikoa, E.S.) da, eta 2040an sektore hori ekonomiaren % 20ra iristea du helburu.
Bere hitzaldian, ekonomia sozialaren funtsezko eginkizuna nabarmendu du Torresek, garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa, enpresen erronkei aurre egiteko formula gisa, toki eta eskualde garapenari laguntzeko, enplegu solidarioa, inklusiboa eta kalitatezkoa bultzatzeko, eta gizartearen elementu eraldatzaile gisa. «Herrialde honen aurrerabidearen erreferente argia zarete. Enpresaren partaidetza ereduaz hitz egiten denean, erreparatu egin behar zaio eta zuen esperientzia kontuan hartu», azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzaren beste apustuetako bat da ASETT proiektua. Ekimen publiko-pribatua da, eta ekonomia sozialeko enpresak indartzea eta ikuspegi sozial sendoarekin proiektu berriak sortzea du helburu. «Elkarrekin egiten dugu lan eredu ekonomiko bidezkoagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa finkatzeko. Ekonomia sozialeko enpresa gehiago dituen sozietate bat, zalantzarik gabe, gizarte hobea izango dela uste dugu», nabarmendu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)